XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nekazaritzarako aurrerapausu handienetako bat, aukeraturiko landare berrien haziak landatu aurretik landarediaren kenketa egitea izan zen.

Landaredia kentzeko modurik errazena basoari sua ematea izaten zen; honen atzetik ahal zen neurrian basoa garbitzen zelarik.

Garbituriko lurraldeetan, eskuz edo zur-zati batekin lagunduz eginiko zuloetan, hazia botatzen zen eta hurrengo hilabeteetan, uztaren bila joango ziren.

Nekazaritza gizartean ondo sustraitua dagoela baieztatzeko momentua, praktikatzen duen giza taldeak janarien gehiengoa iturri honetatik lortzen duenean izango litzateke.

Ginea Berrian Maring talde etnolinguistikoaren barnean dagoen Tsenbaga klanekoak, nekazaritza-mota hau oraintsu praktikatu dutenak, adibidetzat har ditzakegu.

Rappaport-ek eta Clark-ek, hirurogeigarreneko hamarkadan zehar ongi aztertu zituzten indigena hauek.

Talde honekin jarraitu aurretik, Ginea Berrian nekazaritza orain dela 9.000 urte hasi zela esan beharra dago eta ordutik hona, aldaketa teknologiko guttirekin egoera egonkorrean iraun izan du.

Aztertua izan den Maring talde hau, 200 lagunek osoturik zegoen gutti gorabehera eta guztira 823 ha-ko lurraldea menperatzen zuten.

Lurraldea zeharo menditsua, malda handikoa eta euritsua (3000mm-tik gora) da.

Behealdean (700-1.200 m) euri-oihana dago, hemendik gora (1.200-1.300 m) mendi-basoa, eta azkenik (1.800-2.100) goroldio-basoa.

Tsenbaga maringdarren lurraldearen erabilpena, 6. irudian ikus daiteke.